Skip to main content

Dagoeneko galdu ezinezko hitzordu bilakatua den Mundukideren lasterketa solidarioa egin da bederatzigarrenez asteburuan Urkulun (Aretxabaleta, Gipuzkoa), Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna (urriak 17) pasa berritan. Ohi moduan, nabarmena izan da Fagorreko kooperatibetako kideen presentzia. Eman pausoa izan da aurtengo leloa, eta, mezu horrekin, askotariko modalitateak eskaini ditu hitzorduak: 2005-2017 urte bitartean jaiotako haur eta gazteen lasterketa, urtegiari oinez bira ematea eta kooperatiben arteko lasterketa. Sailkapena gutxienekoa bada ere, fin ibili dira Fagorreko kideak: hirukote mistoetan bigarrena izan da Fagor Electrónica, eta, hirugarrena, Fagor Ederlan. Emakumezkoetan, berriz, bigarren postuan bukatu du Coprecik. Azkenik, gizonezkoen kategorian, hirugarren postua erdietsi du Fagor Electrónicak.

Parte-hartzearekin pozik azaldu da Mundukideko Urri Urizar Ibabe: “Jende eta kooperatiba ugari izan dira. Ekimenak errekorra gainditzen du urtez urte. Aurten, gainera, RPK Gasteizko (Araba) kooperatiba lehenengo aldiz etorri da parte hartzera, eta bizkorrena izan da gizonezkoen lasterketan. Oinez, bestalde, 100 lagun inguru aritu dira, eta zenbait laguntzaile ere etorri dira…”. Besteren artean, ekitaldian laguntzen izan dira bidezko merkataritzaren alorreko Harreman denda eta Aretxabaletako UDA kirol elkartea.

Bere aldetik, ekitaldiaren ekarpenaz mintzo, Josu Urrutia Beristain Mundukideko zuzendariak zenbait egoera ikusarazteko zereginean jarri du mira: “Munduan behar handiak dituzten pertsonak daude, gu baino behar handiagoa dutenak. Hori ikusten du Mundukidek Mozanbiken, Etiopian, Brasilen, Kolonbian, Ekuadorren… Egoera horiek ekartzen ahalegintzen gara”.