Skip to main content

Gizarte proiektuak Fagor Herrigintza lankidetza programan aurkezteko epea bukatu berri da —irailaren 30a izan da azken eguna—. 38 proposamen jaso dira osotara. “Poztekoa da Fagor Herrigintzak izaniko harrera. Esan daiteke zenbait eragilek laguntza-lerro baliagarritzat eta erreferentetzat dutela. Proiektu interesgarriak jaso dira, tamaina, jardun leku eta helburu desberdinetakoak. Garapen Iraunkorrerako Helburuak erdigunean, Euskal Herri hobea eraikitzeko lanean, ezinbestekoa da halako ekimenak hauspotzen jarraitzea”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. 120.000 euro banatuko ditu Fagorrek osotara, 60.000 euroko, 40.000 euroko eta 20.000 euroko laguntzen bidez.

Orain, aurrez zehazturiko oinarrien araberako balorazioari ekingo dio Fagorrek, eta puntu gehien erdietsi dituzten proiektuak pasako dira bozka fasera. Azaroko lehen hamabostaldian egingo da bozka prozesua —Fagorreko kideek aukeratuko dute zein proiektu lagundu behar liratekeen Fagor Herrigintzaren bidez—. Zehatz esanda abenduaren 16an iragarriko da erabakia webgune eta hedabideen bidez.