Skip to main content

Fagor Arrasate kooperatibak Kunshanen (Txina) duen lantegian izan da Pedro Sanchez Perez-Castejon Espainiako Gobernuko presidentea, herrialdera egindako bidaia ofizialaren barruan. Txinako ordezkariek eta kooperatibakoek lagunduta, lantokia bisitatu du estanpazio sistemak, altzairu zein aluminioaren prozesatze eta ebaketa lerroak eta txapa metalikoa prozesatzeko lerroak ezagutzeko. Zehatz esanda,  automobilaren, siderurgiaren eta etxetresna elektrikoen sektoreetan diharduten bezeroei bideraturikoa da Fagor Arrasateren Kunshango ekoizpena.

“Fagor Arrasaterentzat ez dago bezeroen gogobetetasuna baino errekonozimendu handiagorik, eta horrek haien ondoan egotea eskatzen du, haien erronketan laguntzea. Txinan egoteak, herrialdeko bezeroekin abian diren proiektuen beharrak eta plangintzak hobeto ulertzea ahalbidetzen du, kudeaketa eraginkortasunaren mesedetan. Haien kultura eta hizkuntzarekin uztartzen da kooperatibaren ezagutza”, argitu du Alberto Sarasqueta filialeko zuzendari orokorrak.

Egoitza nagusia Arrasaten (Gipuzkoa, Euskal Herria) duen Fagor Arrasatek 2008an inauguratu zuen Kunshango lantegia. Gaur egun, 120 langile ditu, Txinako merkatuko presentzia indartzea eta bezeroei balio erantsi handiko zerbitzua ematea helburu. “16 urteotan Txinan erreferente bilakatu da Fagor Arrasate, besteren artean, prentsetan, estanpatze instalazio automatikoetan eta altzairu zein aluminioaren ebaketa lerroetan”, azpimarratu du Sarasquetak.