Skip to main content

Berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarrirako Mondragon Unibertsitatearen Hirekin zentroa inauguratu da uztailaren 15ean Arrasaten (Gipuzkoa), erakundeetako eta enpresetako ordezkaritza zabalarekin. Horien artean izan dira Fagor Taldeko zenbait ordezkari, kooperatiba taldeak 2 milioi euroko ekarpena egingo baitio egitasmoari. Gainera, ekintzailetza industrial eta teknologikoan, digitalizazioan eta jasangarritasunean (ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetakoa) erreferente izan gura duen Hirekin zentroko aholku mahaiko kide da Fagor. Osotara, 9 milioi euroko inbertsioa egin da Hirekinen.

Berrikuntza eta ekintzailetza zentroarekin bat egiteko erabakia hertsiki dago loturik Fagorrek komunitatearekin eta lurralde garapenarekin duen konpromisoarekin. “Trantsizio digitalaren, iraunkorraren, ekosozialaren… aroa da gaurkoa. Garrantzitsua da erronkei behar moduko erantzuna ematea. Horretarako bitarteko dira Hirekin moduko ekimenak. Berrikuntza eta ekintzailetza zentro berriak industria iraunkor bat bultzatzeko leku bat eskainiko die Fagorreko kooperatibei eta lurraldeko bestelako eragileei”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko presidenteak.

Hainbat proiektu

2024-2025 ikasturtearen hasierarako, digitalizazioaren, jasangarritasunaren eta berrikuntza teknologikoaren alorretako hiru enpresa-proiektu ditu aurreikusita Hirekin zentroak. Oro har, industriaren egungo erronkak heltzea eta eragin handiko irtenbideak sortzea izango da helburua. Zehatz esanda, teknologia, produktu eta ekoizpen-prozesu berriak garatzeko, prototipatzeko eta industrializatzeko proiektuak izango dira, espezializazio-maila handikoak eta bolumen, pisu edo ingurune-baldintza esanguratsuei erantzuteko moduko espazio beharra dutenak. Aurreikuspenen arabera, lau urteko epealdian, 36 proiektu, 54 ekintzaile eta 67 ikasle hartuko lituzke Hirekinek.

Enpresen, ekintzaileen, ikertzaileen eta Goi Eskola Politeknikoko zein Mondragon Unibertsitateko beste fakultateetako edo bestelakoetako ikasleen arteko lankidetzarako gune gisa sortu da zentro berria, industria jasangarri baten eta ekonomia lehiakorrago baten alde lan egiteko. Horiek guztiek sarean egingo dute lan, industria jasangarri baterako beharrezko trantsizioa ahalbidetuko duten ekintzailetzako eta barne-ekintzailetzako proiektuak garatzeko. Hirekin zentroa lagungarri litzateke industriaren eta sektore teknologikoaren deskarbonizaziorako, digitalizaziorako eta jasangarritasunerako. Are: ekintzailetza, barne-ekintzailetza, hezkuntza, eta hainbat eragileren arteko ezagutza-transferentzia ahalbidetuko duen elkar-lankidetzako eredu irekia oinarri, industria jasangarriaren alorrean balio erantsi handiko erreferentziazko zentro izatea da haren asmoa.