Mondragon TFG-TFM Sariak antolatu dira hirugarrenez, egungo gizarte erronkei behar moduko erantzuna emateko helburuari ekarpena egin diezaioketen gradu eta master bukaerako lanak saritzeko. Orotara, 23.750 euro banatuko dira. Parte hartu gura duenak, irailaren 30era arte du haren lana aurkezteko aukera. “Aldaketa konplexu eta sakonei aurre egiteko beharra dago. Testuinguru honetan, pertsonetan oinarritutako eraldaketa berritzaile eta iraunkorra sustatu nahi da”, azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek. Babesleen artean da Fagor Taldea. Zehatz esanda, Eraldaketa energetiko-klimatikoaren Fagor Taldea saria emango du, deskarbonizazioari, ekonomia zirkularrari eta neutraltasun klimatikoari lotuta.
Oro har, bost kategoria nagusi izango dira Mondragon TFG-TFM Sarietan. Fagor Taldearen sariaz gain, Eraldaketa digitalaren Danobatgroup Saria (adimen artifiziala, automatizazioa eta robotika), Pertsonetan oinarritutako eraldaketaren Mondragon Saria (talentua, aniztasuna eta inklusioa), Mugikortasun osasungarri eta iraunkorraren Orbea Saria (ekodiseinua, digitalizazioa eta ongizatea) eta Finantzen eraldaketaren Laboral Kutxa Saria daude. Kategoria bakoitzean bi sari emango dira: 2.500 euro, irabazlearentzat, eta, 1.250 euro, bigarrenarentzat. Gainera, 2.500 euro jasoko dituzte lan berritzaileenak (Ikerlan) eta euskarazko lan onenak (Eika).
Mundu mailan
18 urtetik gorako ikasleentzat zuzenduriko ekimena da, eta, aurkezturiko gradu edo master bukaerako lanak, 8 puntuko kalifikazioa izan beharko du gutxienez -10 puntuko eskalan-. Gainera, lanak halabeharrez egon beharko du aurkezturik unibertsitate batean 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte, eta lotura izan beharko du bost kategoria tematikoetako batekin. Iazko edizioan 37 unibertsitateko 253 lan aurkeztu ziren, tartean, EHUkoak, Deustuko Unibertsitatekoak zein Mondragon Unibertsitateakoak. Horiez gain, Espainiako Estatuko 17 hiritako -24 unibertsitate. Orotara-, eta AEBetako, Danimarkako eta Belgikako ikasleen lanak izan ziren.