Aplikazio agrivoltaikoetarako panel fotovoltaikoen Europako lehen ekoizpen-lerroa egingo du Fagor Taldeko Mondragon Assembly kooperatibak, Brite Hellas (Brite Solar) enpresarekin sinaturiko kontratuaren ondotik. Aplikazio agrivoltaikoetarako modulu fotovoltaikoen fabrikatzaile greziarra da Brite Hellas, eta etenik bariko aurrera urratsak egiten ari da eguzki panel erdigardenen ekoizpenean. Bada, horien fabrikazio integralerako lerroa egingo du Mondragon Assemblyk -aurreikuspenen arabera, erabat martxan legoke urtearen amaieran-.
Ekoizpen-lerro berritzailea izango da, moduluen diseinu sorta zabal batekin lan egitea ahalbidetuko duena, eta, hasiera hasieratik, 150 MWeko ahalmena izango duena -ahalmen hori 300 MWra zabaltzea aurreikusten da-. Gainera, modulu agrivoltaikoen fabrikaziora bideraturiko munduko lerro espezifiko bakarra izango da, eta, besteak beste, panelen muntatze prozesua eta beirazko panelen estaldura uztartuko ditu, erradiazio fotosintetiko aktibo handiagoa (RFA) lortuz panelen azpian dauden landareentzako.
Era berean, lerro berriak aukera eskainiko du moduluen diseinu desberdinak aldaketa denbora txikienarekin fabrikatzeko. Horri esker, gardentasun maila ezberdineko moduluak egin ahal izango ditu Brite Solarrek, eta malgutasun handiagoa izango du moduluak euren azpian dauden landareen argi beharretara egokitzeko. Finean, gardentasuna, esangura handikoa da aplikazio agrivoltaikoetan, eta, hori horrela, guztiz opakuak diren panelak zein %80ra arteko gardentasun maila dutenak ekoizteko aukera eskainiko du ekoizpen-lerro berriak.
Merkatuko liderra
Brite Solar liderra da Europako merkatu agrivoltaikoan, eta berotegien eta eremu irekien eskakizunetara egokitutako produktu sorta zabala eskaintzen du. Are: hark patentaturiko teknologiak dira nanomaterialak eta deposizio metodoa. Hala, ekoizpen-lerro berriarena esangura handiko proiektua da Mondragon Assemblyrentzat. “Oso proiektu interesgarria da modulu garapenari zein aplikagarritasunari dagokienez. Mondragon Assemblyk ohore handiz esan dezake panel agrivoltaikoak fabrikatzeko lerro bat garatzen lehena dela Europan (Grezia), kooperatibaren erremintak eta Brite Solarren estaldura materialen konbinazioa oinarri. Etorkizuneko aplikazio horrek aukera ematen du sektorean nabarmentzeko eta mundu jasangarriago baterantz pauso berri bat emateko”, azaldu du Izaro Aretxaga Isasmendik, Mondragon Assemblyko Eguzki negozioko zuzendari komertzialak.
Agrivoltaikoa, etorkizunerako aplikazio jasangarria
Nekazaritza jarduera eguzki energia fotovoltaikoaren sorkuntzarekin uztartzeko praktika da agrivoltaikoa. Nekazaritza lurretan eguzki panelak instalatuz lortzen da hori, bi jarduerak espazio berean ko-existitzea ahalbidetuz. Konbinazio horrek onura handiak ematen dizkio nekazaritza jarduerari, besteren artean, eraginkortasuna handituz eta kostuak murriztuz. Agrivoltaikoaren Europako merkatua garapen fase goiztiarrean aurkitzen den arren, etorkizun handia aurreikusten zaio. Dagoeneko martxan daude hainbat proiektu esanguratsu, hala nola, ardo, zereal eta barazkien ekoizpenean.