Mondragon Assemblyko Finantza Departamentua eta Fagor Industrialeko Berrikuntza taldea saritu ditu Fagor Taldeak Fagor Euskara sarien bidez. Horietan lehenak, ulerrizketa dinamika (elkarrizketa elebidunak) abiarazi zuen sailean euskaraz tarteko ulermena zuen arduradun berri bat izendatu zenean, haren egunerokoa moldatu beharra ekarri bazuen ere, euskaraz jarduten segitzeko hautua eginda. Fagor Industrialek, bestetik, Berrikuntza taldeko kide baten euskara ezagutza oso txikia izanda ere, euskara hutsean garatu zituen digitalizaziorako zabalkunde handiko (biltegirako eta tailerrerako) bi aplikazio. “Bakarra beharrean, Taldeko bi praktika eredugarri saritu nahi izan ditu Fagorrek, erakundeak euskararen normalizazioaren alde egina duen apustu horren baitan, zailtasunak zailtasun, talde mailako zein banako euskararen aldeko konpromiso sendoa erakusten dutelako”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak. Saridunek Fagor Taldeko Batzar Nagusian jaso dute saria.
Estreinako aldia
Aurten sorturiko ekinbidea da Fagor Euskara sariena. “Ezinbestekoa izan da, eta da, bertako langileek eta langile taldeek euskararen alde egiten duten lana eta duten konpromisoa. Aitortu beharreko zerbait da. Ideia horrekin sortu dira Fagor Euskara Sariak”, azpimarratu du Fagor Taldeko lehendakariak. Bazkideen partaidetza ere izan du prozesuak. Eurena izan da sarietarako hautagaiak aurkezteko ardura, eta, ostean, Euskara Batzordearen proposamena esku artean, Fagor Taldeko Lehendakarien Batzordeak hartu du azken erabakia. Oro har, 23 hautagai aurkeztu dira -Fagor osatzen duten zortzi kooperatibetako kideak zeuden horien artean-. Hautagai horietatik 16 norbanakoak izan dira, eta, guneak edo sailak, zazpi.
Fagor Industrialen hizkuntza praktika:
Mondragon Assemblyren hizkuntza praktika: