Skip to main content

HELENA RUIZ DE AZUA OYAREGUI | ZAPOREAK ELKARTEKO KIDEA

Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez, 60.000 euroko laguntza jaso zuen Zaporeak elkarteak 2022an. Ordutik, izan du bestelako elkarlanik Fagor Taldeko kooperatibekin, eta hori lagungarri izan zaio Lesboseko uhartean (Grezia) dagoen kanpamentuko errefuxiatuen elikadura beharrak asetzeko. Zaporeaken zereginaz, Fagor Taldearen laguntzaz, aurrera begirakoez… egin du berba Helena Ruiz de Azua Oyaregui Zaporeak elkarteko kideak.

Zaporeak elkarteko kide zara. Zer da Zaporeak?

Asilo eskaeradun pertsonei elikadura on, nutritibo eta duin bat eskaintzeko sortu zen Zaporeak elkartea. Horretarako, sukalde komunitario eta solidario bat dugu Lesboseko uhartean (Grezian). Hor, Euskal Herriko boluntarioak eta errefuxiatu langileak dihardute egunero 2.000 otordu baino gehiago eskaintzen.

Beti da lehen urrats bat. Zein izan zen Zaporeakena?

Duela 7-8 urte, errefuxiatuen krisia hasi zenean, argazki eta bideoak ikustean, zerbait egin beharra zegoela ikusi zuten Donostiako (Gipuzkoa) Intxaurrondo auzoko gastronomia elkarte bateko kideek. Chios uhartera (Grezia) joan ziren putxero, zartagin eta txitxirioekin. Hor hasi zen dena.

Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez, 60.000 euroko laguntza jaso zenuten 2022an. Zertarako izan duzue lagungarri?

Fagor Taldearen laguntzari esker, orain arteko zereginarekin jarrai dezakegu Grezian. Alegia, hainbaten artean, hegazkin txartelak har ditzakegu boluntarioentzako (beharrezkoa da sukaldean boluntarioak egotea, besteren artean, laguntzeko, kontzientzia hartzeko, errefuxiatu langileekin sare sozio-afektiboa sortzeko…) eta 2.200 otordu inguru eskaini ditzakegu egunero. Ez da edonolako erronka. Imajina ezazu zenbat elikagai behar diren (arroza, pasta, oilaskoa…) 2.200 otordu egiteko.

Gerora ere izan da elkarlaneko beste ekinbiderik, ezta?

Bai. Fagor Industrialek eginiko ekarpenari esker, marmita, ontzi garbigailu… berriak ditugu. Gure lana erraztu dute. Orain, eltze eta denbora gutxiagoren beharra dugu. Adibide bat jartzearren: bost eltzetan beharrean, bitan egiten dugu arroza, eta ia denbora erdian egiten dugu guztia. Ontzi-garbigailuek ere asko erraztu dute gure lana. Lesbosetik itzultzen diren boluntarioek behin eta berriz azpimarratzen duten zerbait da.

Eta bestelako laguntzarik ere izaten duzue urtean zehar…

Hala da. Esan moduan, gaur-gaurkoz, Lesboseko uhartean dihardugu, eta askotariko laguntzak ditugu beharrezko horretarako. Besteak beste, elikagai bilketa kanpainak egiten ditugu urtean zehar, herrietan, supermerkatuetan, enpresetan… Esaterako, 2023an, Fagor Taldeko kooperatiba guztietan egin genuen elikagai bilketa, egoera larrian geundenean, elikagai faltan. Oso positiboa izan zen jasotako erantzuna. Oso eskertuta gaude. 1,4 tona elikagai jaso genituen, eta sekulako bultzada eman zigun horrek. Gainera, elikagaiak biltze hutsetik harago doa ekimena: jendeak aurreikusirikoa baino pasta, arroz, kontserba… gehiago erosten du gero guri emateko, badakielako Lesbosen maitasun eta elkartasun osoz egingo ditugula errefuxiatuentzat. Mezu hori ere zabaltzen da antolatzen ditugun elikagai bilketa kanpainetan. Eta garrantzitsua da hori. Kanpainok, gauza asko dituzte barnebildurik: elkartasuna, elkarlana, konfiantza, saretzea…

Beraz, Fagor Herrigintza moduko ekimenek bultzada dakarkiete proiektuei…

Zalantzarik gabe. Oro har, sekulakoa da halako ekimenek egiten duten ekarpena. Geurea moduko elkarteentzat, lan humanitarioan gabiltzanontzat, oso garrantzitsuak dira. Fagor Herrigintza ekimenak eredu behar luke izan Euskal Herriko enpresentzat. Gainera, Fagor Taldearen lankidetza programaren kasuan, langileek eurek aukeratzen dute zein lagundu, hau da, kontzientziatik eta sentsibilizaziotik ere badu prozesuak. Hori ere, garrantzitsua da. Gainera, seguruenez, zenbaitek, Fagor Herrigintzari esker ezagutu dute gure elkartea.

Eta aurrera begira, zer?

Buru-belarri dihardugu elikagai banaketan darabiltzagun ontziak aldatzeko helburuarekin. Izan ere, jakin badakigu gure jardunak hondakin ugari sortzen dituela (2.000 ontzi baino gehiago erabiltzen ditugu egunean), eta horri buelta emateko ahaleginean ari gara, ontzi berrerabilgarriak eskuratzeko bitartekoak aztertuz (enpresak, diru laguntzak….). Guk ere kar[1]bono aztarna gutxitu gura dugu.