Skip to main content

ANE RIVAS MARTINEZ | BIOLURREKO ALBAITARIA ETA ‘AMILLUBI’ PROIEKTUKO KOORDINATZAILEA

Fagor Herrigintza lankidetza programa abiarazi zuen Fagor Taldeak 2023. urte bukaeran, bigarrenez. Bozka fasean, Biolurrek, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Iñurrik aurkezturiko egitasmoek izan zuten babes zabalena, eta, beraz, 60.000 euroko, 40.000 euroko eta 20.000 euroko ekarpenak jaso zituzten, hurrenez hurren. Biolur nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren aldeko elkartearen kasuan, Amillubi Lurra Taupaka proiektua lagundu zuen Fagorrek. Egitasmoaren nondik norakoez, laguntzaren garrantziaz, aurrera begirakoez… jardun du Ane Rivas Martinez (Arrasate, Gipuzkoa, 1993) Biolurreko albaitariak eta Amillubi proiektuko koordinatzaileak.

‘Amillubi Lurra Taupaka’ proiektua lagunduko du Fagor Taldeak Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez. Zer da ‘Amillubi Lurra Taupaka’?

Biolur elkarteak martxan jarri berri duen proiektua da. Biolur, nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa bultzatzeko asmoz sortu zen duela 30 urte, eta hiru hamarkadatako ibilbide luzearen ostean, ekoizpenerako eredu ekologikoa sendotzen eta gizartearentzat osasungarriak diren elikagaien aldeko apustua egiten jarraitzen du. Gainera, jakin badakigu lurrari lotutako proiektu iraunkor eta jasangarriak esangura handikoak direla bizi dugun krisi ekosozialari aurre egiteko. Hor, ekarpen handia egin dezake gure proiektuak, elikadura burujabetzaren bidean, elikagaien ekoizpen eta kontsumo jasangarria bermatzera mugatu barik, bitarteko bailitzateke lan baldintza duinak eskainiko lituzketen proiektu ekonomiko errealak sortzeko, jardueraren erreleboa bermatzeko, kanpo merkatuekiko dependentzia murrizteko… Zestoako (Gipuzkoa) Amillubi baserriko lurrak erosiko ditugu, era kolektiboan.

Zestoan landatuko da lehen hazia, beraz.

Bai. Urola ibaiko meandro naturalean kokatzen da Amillubi baserria, Zestoako Iraeta auzoan. Leku egokia da haren balio agroekologikoagatik eta kokapenagatik. Zehazki, 2,5 hektareako nekazal eremua, 1,5 hektareako belardi naturala eta 5 hektareako basoa ditu baserriak. Ho[1]rrez gain, Amillubiren inguruan, ezaugarri agroekologiko berdineko 26 hektareako nekazaritza-lurra dago, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa. Eremuaren potentzialta[1]suna indartzen du horrek. Amillubin landatuko da lehen hazia, baina harago egin gura da. Helburua da Gipuzkoa osoko elikadura burujabetza lantzea, eta Euskal Herriko beste eremu batzuetan egingarri litzatekeen eredu bat eratzea. Hainbat eragileren, udalen, ekoizleren eta herritarren babesa lortu dugu.

Nekazariak ez ezik, kontsumitzaileak ere erdigunean ditu proiektuak. Garrantzitsua da biak eskutik heldurik joatea?

Noski. Proiektu honen funtsa saretzean datza, eta, beraz, denok dugu denon beharra, ekoizpenetik kontsumoraino. Tokiko elikadura jasangarri eta iraunkorra bermatzea denon ardura da. Gaur-gaurkoz, gure elikagaien %10 edo gutxiago da bertan ekoitzitakoa. Alegia: jaten dugunaren %90 edo gehiago dator kanpotik, milaka kilometro eginez. Horrek ondorio latzak ditu ingurumenean, herritarron osasunean eta elikadura menpekotasunean.

Nekazaritza ekologikoak badu etorkizunik?

Hori izan da beti Biolurren filosofia. Orain 30 urte bide hau abiatu zutenak aitzindari izan ziren, eta denborak erakutsi digu nekazaritza ekologikoa dela gure planetarentzat eta guretzat etorkizun iraunkorrena. Ebidentzia zientifiko ugari daude esaten dutenak gaur egungo gaixotasun fisiko eta mental askok lotura zuzena dutela elikadurarekin. Beharrezkoa da horren kontzientzia piztea. Zorionez, jendarteak lehen baino gehiago ezagutzen du krisi ekologikoaren errealitatea eta horrek elikadurarekin duen harremana.

Orduan, esan daiteke garrantzitsuak direla ‘Amillubi Lurra Taupaka’ moduko proiektuak…

Bai, oso. Ipar Euskal Herrian Lurzaindiak eginiko bidea dugu iparrorratz, eta, hortik abiatuta, aukera errealak sortu nahi ditugu, beti ere, lehen esan moduan, beste leku batzuetara zabaltzeko modukoa litzatekeen eredua landuz. Halaber, proiektu erreferenteak ditugu Katalunian eta Europako beste herrialde batzuetan. Horrek asko laguntzen du. Gurea moduko proiektuek sekulako ekarpena egin diezaiokete jendarte osoari.

Fagor Taldearen 60.000 euroko laguntza garrantzitsua al da proiektuarentzat?

Dudarik gabe. Bultzada ekonomiko handia ekarri dio proiektuari, eta oihartzuna ere eman dio. Oso eskertuta gaude. 390.000 euroko aurreikuspen ekonomikoa egin dugu baserriaren eta lur eremuaren erosketarako zein beharrezko egokitzapen batzuetarako. Diru bilketa kanpainak izaniko erantzunari esker, bi urteko epean egin beharreko lehen bi ordainketen zenbatekoa dugu jasoa dagoeneko. Oso eskertuta gaude. Dagoeneko sinatua dugu baserriaren eta haren lurren eskuratzea. Bitartean, martxan dugu Amillubin landuko diren elikagaien ekoizpen proiektuak zehazteko prozesua.

Laster jarriko dugu martxan proiekturen bat. Zeintzuk lirateke hurrengo urratsak?

Epe luzeko apustua da Amillubi, baina, luzera begiratzera mugatu barik, epe-motzeko helburuekin ere badugu jardun beharra. Tartean, diru bilketarekin jarraitzearekin batera, ekoizpen proiektu desberdinei ekingo diegu apurka-apurka. Eta zenbait konponketa ere egin beharko ditugu, elikagaiak baldintza egokietan ekoizteko beharrezko izango ditugunak.