Astigarragako (Gipuzkoa, Euskal Herria) Triax Solutions (TDS) konpainia erosi du Fagor Taldeko Fagor Electrónica kooperatibak. Triax ASen eta Ikusi Multimediaren bat egitetik sortu zen TDS. Eta, orain, erosketaren ostean, Fagor Multimedia Solutionsen (FMS) barruan sartuko da. Fagor Electrónicaren aurreikuspenen arabera, konpainia berriak 25 milioi euroko fakturazioa luke lau urteren buruan, eta multimedia eta telekomunikazio azpiegiturei loturiko soluzio elektronikoen sektoreko Europako player garrantzitsuenetako bat litzateke. Gauza horrela, akordio berriarekin, bi egoitza izango ditu Fagor Multimedia Solutionsek, Arrasaten (Gipuzkoa) eta Astigarragan (Gipuzkoa).
FMSen zizendari nagusi Gorka Guerra Iriondok “dibertsifikazio eta hazkunde helburu estrategikoetan aurrera egiteko aukera” moduan ikusten du akordio berria, balio proposamenaz eta merkatu berriez mintzo. Era berean, garrantzia eman die “enpleguari eusteko eta jarduera errotzeko konpromisoei”. Izan ere, kooperatibak argitu du TDSek zituen 44 lanpostuei eutsiko diela, eta erosketak horien guztien babesa izan duela, “uneoro argi izan dutelako planteamenduaren asmoa batzea, talentua sendotzea eta erabakigunea Gipuzkoan mantentzea zela”.
Eraldaketaren erronka
Fagor Electrónicak jardun ohi duen merkatua eraldaketa prozesuan da, besteren artean, telebista seinalea hartzeko sektore tradizionalean izaten ari diren aldaketak medio. Eta bide horri heldurik ari da Fagor Taldeko kooperatiba, soluzio eta multimedia zerbitzu integralak, berritzaileak eta balio erantsi handikoak eskaintzeko lanean, tartean, hirugarren sektorean dihardutenendako (hotelak, ospitaleak, enpresak eta eraikin bereziak). Eta, hiri adimendunaren esparruan, heldurik ditu konektaturiko etorkizuneko eraikinei loturiko erronkak. “Enpresa berri hori eskuratuta eta eratuta, Fagor Electrónicak berrikuntzarako eta I+Gtik soluzioak garatzeko duen gaitasuna indartzen du, bere eskaintza teknologikoa indartzeko eta merkatu berri honetan lider gisa kokatzeko”, azaldu dute kooperatibatik.