Gizarte egitasmoak laguntzen jarraitzen du Fagor Taldeak. Zehatz esanda, 2.577.139 euro bideratu ditu 2023an gisakoetara -urteko irabazien %12-, eta, horri esker, askotarikoak izan dira euren egunerokorako edo ekinbide berriak abiarazteko bultzada jaso duten gizarte eragileak. Azken urteetako joerari jarraiki, kooperatiba taldearen egoitza nagusiak dauden Debagoiena bailarara (Gipuzkoa) bideratu du zatirik handiena -orotara, 1.561.801 euro-. Ostera, 636.799 euro bideratu ditu Fagorreko komunitateari begirako ekimenetara; 234.793 euro, nazioartekoetara; eta, 143.746 euro, Euskal Herrikoetara -kopuruak ez du Debagoienean eginiko ekarpena barnebiltzen-. “Gizarte konpromisoz dihardu Fagorrek. Ohi moduan, komunitatean martxan diren tokiko zein nazioarteko ekimenak lagundu ditu, arreta berezia jarriz Debagoienean, gaurko eta etorkizuneko erronkentzako erantzunak elkarlanetik eraikitzeak duen garrantziaz jakitun”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Esan moduan, kooperatiba taldeak Debagoiena bailarako egitasmoetara bideratu du Gizarte Funtsaren zati handiena, osotara, 1.561.801 euro. Erakunde publikoen, eragile sozioekonomikoen eta gizarte eragileen elkarlana oinarri bailararen iraunkortasunerako ekinbideak bultzatzen dituen Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak eta hark sustaturiko ekimenek jaso dute laguntzarik handiena -guztira, 786.983 euro-. Eta, era berean, kopuru esanguratsua bideratu du Fagorrek Gizabidea Fundaziora -586.983 euro-, eskualdean kalitatezko hezkuntza eskaintza eskaini dadin beharrezko diren azpiegituren garapenean laguntzeko. Bukatzeko, 187.835 euro bideratu ditu Debagoieneko beste hainbat gizarte egitasmoetara. “Fagorrek Debagoienean ditu erroak eta egoitza nagusiak, beraz, erabaki naturala da Gizarte Funtsaren zati handiena eskualdera bideratzea. Gainera, ezin daiteke ahaztu Fagor dela Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearen bultzatzaile nagusienetako bat eta Gizabidea Fundazioaren patrono fundatzaile nagusia”, argitu du Iraunkortasun arduradunak.
Ostera, 636.799 euro bideratu ditu kooperatiba taldeak Fagorreko komunitatera. Zehatz esanda, 563.504 euro erabili dira Taldeko kooperatibetako euskara planetan eta hari loturiko ekimenetan; 45.000 euro, bazkide-langileak Garapen Iraunkorreko Helburuetan inplikatzeko Fagor Elkarrekin moduko egitasmoetan; eta, 28.295 euro, lanerako bidean mugikortasun iraunkorra sustatzeko bitarteko den Fagor Mugi egitasmoan. Bestetik, 234.793 euro bideratu ditu Fagorrek nazioarteko ekinbideetara. Hain zuzen ere, 224.793 euro jaso ditu Mundukide Fundazioak garapen bidean dauden herrialdeetako proiektuetarako, eta, 10.000 euro, Garabide elkarteak, hizkuntza gutxituen berreskurapen prozesuetarako. Bukatzeko, orotara 143.746 euro bideratu ditu Fagor Taldeak Debagoiena kanpoko Euskal Herriko gizarte ekimenetara. Azken urteetan moduan, Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez banatu du gehiena, 120.000 euro -60.000 euroko laguntza jaso du Biolurrek; 40.000 eurokoa, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak; eta, 20.000 eurokoa, Iñurri elkarteak-. Ostera, 23.746 euro bideratu ditu Euskal Herriko beste proiektu batzuetara.