Sonia Etxenausia Ross
Genero berdintasun aholkularia. EMUN kooperatiba.
Mugimendu feministaren urteetako aldarrikapenen ondorioz, mundu mailako agenda politikoetan dago enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko beharra. Enpresa munduan piztu da genero berdintasunaren gaia landu beharraren kontzientzia eta gurera etorrita, kooperatiboi ere zuzenean eragiten diguten araudiak mahai gainean daude.
Arrasateko esperientzia kooperatiboko sorrerako balioek berdintasunean aurrera egiteko zimendu sendoak izateko aukera eskaintzen digute. Berdintasunarekin bat egiten dugula esatea bada lanean hasteko oinarrizko baldintza bat.
Egungo testuingurua bestelakoa da. Gizarteak, eta, oro har, lan merkatuak emakumeak gizonekiko desberdintasun egoeran mantentzen ditu, eta, kooperatibak ez dira irla isolatu bat. Ikuspegi androzentriko batetik eraiki ziren gure kooperatiba ereduak, hau da, gizona erdigunean kokatuta. Orain, ordea, gizarteko aldarrikapen eta erronken mailara gerturatuko diren kooperatiba eredu berrituak behar ditugu, berdintasunarekiko konpromiso eta erantzukizun zorrotzagoa izango dutenak.
Kontuan hartu behar dugu enpresa kulturak zuzeneko eragina daukala komunitatearen sozializazio prozesuetan. Egunaren zati handi bat eskaintzen diogu lan produktiboari, eta horregatik, esparru horretan kultura berdinzaleagoa lantzeak izan dezakeen eragina biderkatzailea izan daiteke. Justizia sozialean oinarritutako praktikak gure erakundeetan txertatzeko egiten diren ahalegin guztiek, erakundea ez ezik, gure komunitatea aberasteko aukera zabaltzen dute.
Berdintasunaren, eta zehazki, genero berdintasunaren arloan dugun ideia eta posizionamendu teorikoa praktikan oinarritu behar da, eta horrek prozesu kontzientea eskatzen digu. Agerikoa da portaera eta dinamika matxistak erreproduzitzen dituen gizartean bizi garela. Portaera hauetako asko normalizatuta daude, eta guztiok erreproduzitzen eta pairatzen ditugu. Beraz, guztiona da horiek identifikatu eta zuzentzeko ardura.
Gure burua epe motzean eszenatoki berdinzaleago baten aurrean ikusi nahi badugu, honako hiru hauek dira martxan jarri ditzakegun estrategietako batzuk:
Berdintasun planak, genero ikuspegi errealarekin. Kooperatiben legean egindako egokitzapenak abagune ezin hobea eskaintzen digu ipar garbia eta oinarri sendoak izango dituzten genero berdintasun planak diseinatu eta inplementatzeko. Paperean geratzeko arriskuari aurre egin, eta berdintasun erreala lortzeko ekintza eraldatzaile eta ausartak jasoko dituzten berdintasun plan eraginkorrak diseinatzeko momentua aprobetxatzea dagokigu.
Formazio eta sentsibilizazio saioak. Egoeraren kontzientzia hartzea da edozein egoera eraldatzeko abiapuntua. Lan esparruan bizi ditugun desberdintasunak detektatu eta esplizitatzeak ahalbidetuko digu dauden diskriminazio egoerez jabetzea.
Emakumeen ahalduntzerako espazioak eta gizonen deseraikitzeko guneak sortu. Desberdintasun egoeran bizi garela aipatu dugu. Genero bakoitzak egin beharreko lanketak desberdinak izango dira, beraz. Gure portaeren kontzientzia hartu ondoren, hauek deseraiki eta portaera berriak eraikitzeko guneak sortu behar dira.
Kide diren pertsonen konpromisoan eta erantzukizunean zorrotza behar lukeen eredua da kooperatibismoa. Sorrerako berdintasunaren printzipioa eguneratu eta erantzukizunez urratsak emateko momentua da.