Skip to main content

Teknologiari euskara irakasteko, Gaitu izeneko ekimena jarri zen martxan 2023ko urrian. Hain zuzen ere, Gaitu.eus webgunearen bidez, eskarazko datu basea indartzea zen helburua, eta herritarren ahots grabaketak behar ziren horretarako, xede kolektiborako ekarpen indibidualak, alegia. Bada, Gaiturekin bat egitea erabaki zuen Fagor Taldeak, eta Fagorrek 10.000 baietz! kanpaina abiatu zuen horretarako, ekimena Taldeko kooperatiba guztietako kideen artean zabaltzeko (komunikazio euskarrien bidezko zabalkundea, grabaketarako guneak kooperatibetan, Euskararen Egunari loturiko dinamikak…). 10.000ko helburua lortu ez bazen ere, 7.300 ahots grabaketatik gora eta 2.680 balioztatze baino gehiago pilatu ziren -177 Fagorkidek hartu zuten parte-. “Pozik egoteko moduko erantzuna jaso du ekimenak. Jendeak bere aletxoa jarri du euskarazko datu basea indartzeko.  Kopuru esanguratsuak dira Fagor Taldean lorturikoak”, azaldu du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak.

Ekarpenak egiteko aukera

Oraindik zabalik dago Gaitu.eusen ekarpenak egiteko aukera -antolatzaileek ez dute amaiera egunik iragarri-. Gaur-gaurkoz, euskaraz, 600 grabaketa ordu eta 180 balioztatze ordu baino gehiago ditu  aplikazioak (2024ko urtarrilaren 8ko datua). Bere aldetik, ekarpena egiten jarraitzeko deia egin du Gestio Sozialeko arduradunak: “Ez da ekarpenik soberan. Teknologia berriek euskaraz egin dezaten, datu base indartsu bat dugu beharrezko eta horrek grabaketa ordu ugari eskatzen ditu. Oraindik badugu ekarpena egiten jarraitzeko aukera, eta, egindakoa, guztiontzako izango da onuragarri”.

Euskara, testuinguru digitalean

Euskarak testuinguru digitalean dagokion presentzia izan dezan sorturiko ekimena da Gaitu, eta Mozilla fundazioak abiaraziriko Common Voice ekimena du oinarrian. Datu basea indartzeak, besteren artean, teknologia alorreko erabilgarritasuna eta erabilera-eremuak indartzea ekarriko luke. Kanpainaren bultzatzaileen esanetan, horretarako, “milaka ahots behar dira, milaka grabazio ordu euskaraz, asko eta askotarikoak, adin tarte, genero eta mota askotakoak”.