Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) aldeko euskal aliantzaren aurkezpen ekitaldian izan da asteon Fagor Taldea. Bertaratzera mugatu barik, hitzartzerako aukera izan du Aritz Otxandiano Kanpo Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Hain zuzen ere, enpresa eta erakundeek 2030 Agendarekin bat egin beharraz mintzo, Fagor 2030 iraunkortasun estrategia izan du berbagai Otxandianok: “2030 Agendak enpresen inplikazioa eskatzen du. Eta, aurretik egon diren agendekin alderatuta, horixe bera da honek dakarren berrikuntza nagusia. Enpresen inplikaziorik barik, ezinezkoa litzateke Garapen Iraunkorrerako Helburuak erdiestea. Horretaz jakitun, gizartearekiko eta planetarekiko konpromisoz, erronkari serioski heltzearen alde du egina Fagor Taldeak”. Gaur-gaurkoz, 55 erakunde dira garapen iraunkorraren aldeko euskal aliantza sinatua dutenak. Ostera, enpresetan eta erakundeetan 2030 Agenda lantzeko gida ere aurkeztu zen hainbat erakunde publikoren, erakunde pribaturen, enpresaren eta eragileren parte hartzea izan duen ekitaldian.
“Garapen iraunkorrarena, mundu mailako erronka da, guztioi eragiten diguna. Enpresa ulertzeko moduan paradigma aldaketa bat dakar berarekin, akziodunei balio ekonomikoa sortzeaz gain, hauei gizarte moduan ditugun erronketan inplikatzea eskatzen diena. Gainera, enpresek gizartean izan behar duten rol berria egoki barneratzea, gakoa izango da bezeroen eskakizunei egoki erantzun eta lehiakorrak izaten jarraitzeko, batez ere Europar testuinguruan. Dena den, Fagor Taldeak ez dio erronkari behartuta egote horretatik heldu. Aukera moduan ikusten dugu Mondragonen eredu kooperatiboa balioan jarri eta garatzen jarraitzeko. Fagor Taldeak, gizartearekiko konpromisotik, berezko izaeratik, konbikziotik… heldu dio erronkari”, azaldu du Iraunkortasun arduradunak hitzartzean. Harekin batera, Jon Kepa Izaguirre Goyoaga (A & B Technology), Jon Abril Olaetxea (Elhuyar) eta Lorena Aguirregabiria Caestrana (Mutualia) izan dira hitza hartu duten enpresa ordezkariak.
Kontratu sozial baterako adierazpena
Bost dira Garapen Iraunkorrerako Helburuen aldeko euskal aliantzaren adierazpenak finkatuak dituen konpromisoak. Batetik, gizarte eragileen eta erakundeen arteko lankidetza eta kontuak emateko espazioa indartzearen alde egiten du. Bestetik, adierazpenean hitzartutakoaren arabera, enpresek eta erakundeek euren barne kudeaketan eta funtzionamenduan jarri behar lituzkete Garapen Iraunkorrerako Helburuak. Ostera, garrantzia ematen zaio 2030 Agendaren zabalkundeari, munduak behar dituen eraldaketa nagusiei erantzun globala, tokikoa eta pertsonala emateko. Eta euskal gizartean GIHen elkartasun eta iraunkortasun printzipioak sustatzea ere bilatzen du adierazpenak, besteren artean, 2030 Agendaren protagonista izan litezkeen herritar aktiboak sustatzen laguntzeko. Bukatzeko, Agendaren nazioarteko sustapenari egiten zaio erreferentzia, euskal esperientziaren bidez, jardunbide egokiak trukatzeko, ikasteko eta elkartzeko guneak sor daitezen.