Skip to main content

Mundukideren lasterketa solidarioaren ekinaldi berria aurkeztu dute irailaren 13an, Aretxabaletako Urkuluko urtegi  inguruan (Gipuzkoa), ekimenaren bultzatzaile nagusiek. Horien artean izan da Fagor Electrónicako ordezkaritza. Hain zuzen ere, urriaren 22an egingo da, ohi moduan, Urkuluko urtegian -hitzordua bat dator Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Astearekin-. Eta Mundukidek Afrikan eta Hego Amerikan abiaraziak dituen lankidetza-programetan erabiliko da ekinbidearen bidez bilduriko dirua. Bada, 10 euro ordaindu beharko dira izena ematearen truke (ikasleek 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta gazteen modalitateko parte hartzaileek ez dute ezer ordaindu beharrik izango). Dagoeneko zabalik da izen-ematea.

Gauzak horrela, ekimenaren izatea eta helburua erdigunean, ekimena elkartasun ikurtzat du Odei Guridi Otxoa Fagor Electrónicako bazkideak: “Gure gizartea munduko aberatsenen artean da, eta, inongo zalantzarik gabe, gu gara energia, produktu kimiko, mineral eta bestelako materialen erabiltzaile handienak. Ondorioz, gu gara CO2 isurketa kopuru handienen eragile. Hori aldatu beharra dugu, eta aldaketa handiak beharko dira. Bitartean, dena den, gure ekarpen bakarra kaltea izan ez dadin, benetako elkartasunean jardun behar dugu. Eta horretan dihardu Mundukidek”.

Bere aldetik, kooperatiben babesa eskertu du Urri Urizar Ibabe Mundukideko kideak. Eta balioan jarri zuen lasterketa solidarioan bildutakoaren eta bestelako laguntzei esker lor daitekeen horretan. “2022. urtean,  ia 93.000 pertsonengana irisi zen Mundukideren laguntza. Horrek esan nahi du 93.000 pertsonak izan zuela onura bat, txikia izan bazen ere”, azpimarratu du.

Hainbat aukera

Besteren artean, 6,3 kilometroko bidea egiteko aukera izango dute nagusien modalitatean izena emana dutenek. Hiruko taldeetan antolaturiko lasterketa (11:00etan hasita), martxa nordikoa (10:30ean hasita) edo oinezko bidea (10:30ean hasita) izango dute horretarako. Hori bai, horietan lehenengoan parte hartzeko beharrezkoa izango da kooperatiba bateko kide izatea. Horien aurretik, baina, gazteen modalitateko lasterketak izango dira. 10:00etan hasiko dira, eta haien adinaren araberako ibilbidea izango dute hartan parte hartzen dutenek: 6,3 kilometro (2006-2009 artean jaiotakoak), 1,5 kilometro (2010-2011), kilometro bat (2012-2013), 0,5 kilometro (2014-2015) eta 0,1 kilometro (2016-2018).

Izen-ematea

Dagoeneko zabalik dago Mundukideren lasterketa solidarioan parte hartu gura duenarendako izen-ematea. Mundukide.org webgunean dago horretarako aukera. Gainerakoan, antolatzaileek jakinarazi dute egunean bertan ere balegokeela izena emateko aukera, Urkulun dagoen Otalora jauregiko aparkalekuan, 9:00 eta 10:30 bitartean -ordu tarte eta leku berean banatuko dira dortsalak-.