Mundu mailako erronka nagusienen artean da energia trantsizioarena. Nabari da erakunde, eragile eta bestelakoek hausnarketarako antolatzen dituzten espazioetan, azken urteotan gora egin baitute gisakoek. Eta horietako zenbaitetan izan da azken hilabeteotan Fagor Taldea, batez ere, Industriaren ikuspegia mahaigaineratuz. Besteren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekopol ikerketa taldeak energia trantsizioaren inguruan antolaturiko eztabaida saioan (martxoak 23), eta, Agirre Lehendakaria Center ikerketa politiko eta sozialerako zentroak, euskal ereduaz eginikoan (martxoak 29) izan da Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna.
“Iraunkortasunak eraldaketa handi bat egitera behartzen gaitu, eta askotarikoak dira honek dituen inplikazioak. Horregatik funtsezkoa da gaia espazio ezberdinetara eroatea, ikuspegi ezberdinetan oinarriturikoa izan dadin etorkizun iraunkorrago baterantz egin beharreko bidea”, azaldu du Otxandianok. Finean, haren arabera, gertu dira planetaren “muga biofisikoak”, eta berandu baino lehen erantzun beharra dakar horrek, “egungo eredua eraldatuz”. Hori horrela, Otxandianoren esanetan, “lehentasunez” heldu beharreko gaia da iraunkortasunarena eta energia trantsizioarena, “etorkizuneko bide-orri bat adoste aldera”.
Energia berriztagarriak
Besteren artean, energia berriztagarriez jardun du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak azken hilabeteotan. Hain zuzen ere, horixe bera landu zen Ekopol ikerketa taldeak antolaturiko saioan. Otxandianorekin batera, Aitziber Sarobe Egiguren Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Rebeka Gonzalez de Alaiza Perez de Villarreal Araba Bizirikeko kidea, Pablo Llorente Zapateria Sustrai Erakuntzako bozeramailea eta Mikel Otero Gabirondo EH Bilduko Trantsizio Ekologikoko idazkaria izan ziren hitzorduan.
Oro har, eredu iraunkorrago bat eraikitzera bidean, norbanakoen, gizarte eragileen, erakundeen eta eragile sozioekonomikoen arteko adostasunak bilatzearen garrantzia azpimarratu zuten guztiek. Hor, erregai fosilak “albo batera utzi” beharraz jakitun, energia ekoizpena “berreskuratzearen” alde egin zuen Iraunkortasun arduradunak. “Horretarako, teknologia berriztagarri guztiak baliatu behar dira, jabetza eredu berritzaileak aztertuz, eta, era berean, biodibertsitatea berreskuratzeko zein elikagaien ekoizpena sustatzeko neurriak hartuz”, gaineratu zuen.
Euskal eredu iraunkorra
Orokorragoa izan zen Agirre Lehendakari Centerrek antolaturiko berbaldia. Kasu horretan, Juan Jose Ibarretxe Markuartu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Xabier Barandiaran Irastorza Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Jule Goikoetxea Mentxaka Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakaslea izan zituen mahaikide Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Oro har, erronka globalei euskal eskalatik heltzearen garrantziaz mintzo ziren solaskideak.
Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak iraunkortasunean ardaztu zuen haren hitzartzea. Azpimarratu zuenez, “Euskal Herria egoera zaurgarrian da energiaren alorrean, herrialde industrializatua den heinean kontsumo handia daukalako eta sorkuntza berriz txikia delako. Era berean, handia da jatorri fosileko erregaiekiko duen menpekotasuna”. Hori horrela, erantzunak Euskal Herrian bilatu behar direla uste dutenen adostasunean oinarrituta, “egoera irauli” beharraz egin zuen berba. “Tragedia bat izango litzateke auzi honetan ikuspegiak elkarrekin banatzeko eta akordioak lortzeko gauza ez izatea”, gaineratu zuen.