Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekopol ikerketa taldeak martxoaren 23an unibertsitateko Gasteizko campusean antolaturiko Energia berriztagarriak Euskal Herrian. Gatazka edo aterabidea? mahai-inguruan izan da Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna. Harekin batera izan dira Aitziber Sarobe Egiguren Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Rebeka Gonzalez de Alaiza Perez de Villarreal Araba Bizirikeko kidea, Pablo Llorente Zapateria Sustrai Erakuntzako bozeramailea eta Mikel Otero Gabirondo EH Bilduko Trantsizio Ekologikoko idazkaria. Besteren artean, energia trantsizioaren bidean egin beharreko urratsez jardun dute hizlariek, nork bere ikuspegian oinarrituriko irakurketa eskainiz. Oro har, eredu iraunkorrago bat eraikitzera bidean, norbanakoen, gizarte eragileen, erakundeen eta eragile sozioekonomikoen arteko adostasunak bilatzearen garrantzia azpimarratu dute guztiek.
Bada, industriaren ikuspegia mahaigaineratu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. “Urratsak egin behar dira industriaren deskarbonazaziora bidean. Horretarako, efizientzia energetikoan eta energia berriztagarrietan dago sakondu beharra. Tartean, energia kontsumoa murrizteko neurriak edota ekonomia zirkularrerako ekinbideak behar dira. Industriak eraldatu beharra du”, azaldu du.
Eta, horrekin batera, Otxandianok funtsezkotzat du naturarekin harreman orekatu bat berreskuratzea: “Azken hamarkadetan gure ingurune naturalarekin beharko genukeen konexioa galdu dugu. Erregai fosilen aroaren aurretik gure ingurunetik lortzen genituen behar energetikoak asetzeko baliabideak: egurra, ibaietako errotak… Erregai fosilak, ostera, kanpotik datozkigu, eta ez gara kontziente gure gizarte ereduari eusteak eragiten duen gastu energetikoaz, ezta horrek ingurumenean duen inpaktuaz ere. Erregai fosilak albo batera utzi nahi baditugu, gure lurraldera bueltatu behar da energia ekoizpena, eta, horretarako, teknologia berriztagarri guztiak baliatu behar ditugu, haize errotak eta sistema fotovoltaikoak, nagusiki”.
Etorkizuneko gizartea
Egungo eta etorkizuneko gizarte eredua ere izan dute hausnargai mahai-inguruan esku hartu dutenek. Hor, bateko eta besteko iritziak mahaigaineratu dira. Batetik, desazkundearen alde egin dute Sustrai Erakuntza eta Araba Bizirik plataformetako kideek: “Hazkundeak bere horretan jarrai dezan energia fosila berriztagarriengatik ordezkatzeko estrategia da nagusi. Hori ez da jarraitu beharreko bidea. Desazkunderako estrategia bat landu behar da”.
Bere aldetik, desazkunde estrategiak izan lezakeen gizarte onarpena zalantzan jarriz, gehiengo baten babesa izango lukeen bide-orri bat diseinatzearen alde azaldu da Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna. “Kontuan izan behar da Euskal Herria lurralde industrializatua dela, eta haren ongizate ereduak (hezkuntza publikoa, osasun publikoa, pentsioak…) hori duela oinarri. Seguruenez, gizartea ez legoke prest desazkunde prozesu batek ekarriko lituzkeen ondorioak onartzeko, baina, edozein kasutan, modu kolektiboan adostu behar da zein litzatekeen jarraitu beharreko bidea, eta, horretarako, elkarrizketa eta deliberazio markoak behar dira”, dio.
Era berean, bidea “konplexua” izango den arren, adostasunak bilatzearen garrantziaz jardun du Oterok. “Eztabaida sortu duen gaia da energia trantsizioarena. Eta adostasun batera heltzen saiatu beharra dago, kontuan hartuta plangintza erreal bat landu beharra dagoela herrietan, hirietan, landa eremuan… bizi diren 3.000.000 biztanle dituen lurralde batentzako”. Bide beretik, gogorarazi du gaur-gaurkoz Euskal Herriko energia kontsumoaren %15 besterik ez dela sorkuntza berriztagarritik eratorritakoa, eta horretan sakontzearen alde egin du, “berandu baino lehen, bestelako bideak aztertuz”.
Berriztagarrietan oinarrituriko eredua
Oro har, energia berriztagarrietan oinarrituriko ereduaren alde egin dute hizlariek, baina ez da batasunik haren hedapen eta nolakotasunaren inguruan. “Erregai fosilak behin betiko alboratzeko estrategia arrakastaz landu nahi bada, aintzat hartu beharra dago egungo errealitatea. Berriztagarrietan oinarrituriko ereduak eskala handiko azpiegiturak ere behar ditu. Kontrakoan, oso urrun egongo da Euskal Herria bezalako lurralde industrializatu batek dituen energia beharrak berriztagarriak erabiliz asetzetik”, aitortu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Hori bai, azpimarratu du lurraldeko eragile zein herritarrek lekua izango luketen “jabetza eredu berritzaileak” esploratu behar direla, eta, energia berriztagarriak hedatzearekin batera, biodibertsitatea berreskuratzeko eta elikagaien ekoizpena sustatzeko neurri osagarriak hartu beharko liratekeela, adibidez, “bestelako basogintza eredu bat sustatuz”.
Bere aldetik, energia berriztagarrirako azpiegituren eraginak sakon neurtzearen garrantzia mahaigaineratu du Sarobek: ”Energia trantsizioa nola egingo dugun baino, zelakoa izango den erabaki beharra dugu, ingurumenari kalte egin barik noraino hel gintezkeen, nonbaitera heltzerik bagenu. Horretarako, funtsezkoa da ingurumenaren egoera aztertzea (arriskuan dauden espezieak, etab.), eta esku hartze bakoitzak zein eragin izango lukeen jakitea. Azterketa independenteen bidez egin behar genuke hori”.