Material metalikoak eta konpositeak konformatzeko edota prozesatzeko soluzioen garapenean aditu den Fagor Arrasatek urrats berria egin du haren makinak konektagarritasun- eta digitalizazio-teknologiez hornitzeko estrategian: prozesuen digitalizazioan diharduen Savvy Data Systems enpresaren kapital sozialean sartu da. Horri esker, besteak beste, kooperatibak bultzada emango dio Industry 4.0 estrategiari. Hain zuzen ere, Fagor Arrasate Savvyko Administrazio Kontseiluan sartzea eta bi enpresak industria-bazkide bilakatzea du hitzarmenak aurreikusirik, prozesu-industriaren eta makina-erremintaren eraldaketa digitala oinarri. Lankidetzari esker, ostera, Savvyren teknologiak eta soluzioak sartu ahal izango ditu Fagor Arrasatek munduko industria-sektore zorrotzenentzako ekoizten dituen txapa eta material konposatuak lantzeko produktuetan.
“Savvy Data Systemsen parte hartzeko erabakia bat dator 2024ko Plan Estrategikorako ibilbide-orriak barnebilduriko mugarrietako batekin. Alegia, haren bidez, Smart Factoryren bidean funtsezko gaitasun teknologikoak landu eta bereganatuko ditu kooperatibak; eta, era berean, lagungarri izango zaio makinen konektagarritasunean eta digitalizazioan sakontzeko”, azaldu du Unai Lopez Moñux Fagor Arrasateko zuzendari nagusiak.
Bada, akordio berriarekin, Arrasateko kooperatibak Savvyren gaitasunak eta know howa izango ditu eskura, batez ere, makinen datuak informazio bihurtzen dituzten soluzioen garapenari loturikoak. Eta, horri esker, besteren artean, prozesuen lehiakortasuna optimizatzeko eta hobetzeko aukera eskainiko die bezeroei.
Eskaerei aurrea hartzearen garrantzia
Savvy Data Systemsen bazkide nagusi eta makina-erremintaren fabrikatzaile den Danobatgroupek babesturiko aliantzarekin, ostera, Fagor Smart-Connect konektagarritasun-plataformaren garapenean sakontzeko aukera izango du Fagor Arrasatek. Harekin, munduko edozein lekutan egonda ere, kontrolpean izango ditu haren makinak, bezeroaren prozesua hobetzeko eta instalazioen errendimendu handiena lortzen laguntzeko, plantaren eraginkortasun operatiboa hobetuz -OEE (Overall Equipment Efficiency)-.
“Bezeroek soluzio sendoak eskatzen dituzte, automatizatuak eta erronka handiei aurre egiteko modukoak. Fagor Arrasatek egunero kontrola ditzake munduko edozein lekutan dauden parametroak, eta, iragarpen tresnei esker, aurrea har diezaieke bezeroen balizko arazoei. Akordio berria lagungarri izango da aurrea hartzeko gaitasuna indartzeko eta bezeroen prozesuak optimizatzeko”, azaldu du Lopez Moñuxek.
Bestalde, Fernando Saenz Savvy Data Systemseko zuzendari nagusiak merkatu berrietara sartzeko giltza moduan du Fagor Arrasaterekin sinaturiko akordioa: “Merkataritza-lankidetzarako hitzarmen batek eskaintzen zigunetik harago egin gura genuen. Gure ustez, bazkide estrategikoa da Fagor Arrasate, gure nazioarteko hedapenean lagun dezakeena. Savvyk urrats berriak egingo ditu Fagor Arrasatek nazioarteko merkatuetan duen presentziari esker”.
Era berean, Savvyko arduradunak azaldu du enpresak makina eta gisako prozesuetan duen ezagutza handitzea ekarriko duela akordio berriak, Fagor Arrasatek metalezko xafla lantzeko produktu propioen “portfolio zabalena” duela argudiatuta. Era berean, haren esanetan, akordioa baliagarri izango da merkatuko soluzio “aurreratuenak, koordinatuenak, eraginkorrenak eta lehiakorrenak” lantzeko, eta azpimarratu du horrek “eragin zuzena” izango duela emaitzetan.