Turkiako eta Siriako lurrak astindu zituen lurrikararen eraginak pairatu zituztenentzako laguntzak abiarazi ditu Copreci-Turkiak -otsailaren 6an gertatu zen ezbeharra-. Besteren artean, laguntza beharrean diren herrietara mantak, ikatza, arropa beroa eta janaria bidaltzeari ekin dio. Tokiko iturrien arabera, dagoeneko 35.000tik gora dira lurrikararen eraginez hildakoak (otsailaren 16ko datua). Askotariko elkartasun sareak abiarazi dira gertakariaren ondotik.
Copreci kooperatibak Turkian duen plantako zuzendari den Tayfun Ucar dabil abiaraziriko laguntza ekinbidea zuzentzen. Ez da erronka makala: “Mantak, arropa beroa, ikatza eta janaria biltzen gabiltza, paketeak egin eta bidaltzeko. Ez da zeregin makala, lurrikararen ostean, kaosa baita nagusi”.
Gainera, lurrikararen eraginetan geratu barik, Turkian eta Sirian hotza da nagusi egunotan -zero azpitik 15 gradura heldu arte egin du behera tenperaturak-. Horrek nabarmen zailtzen du Copreciko Turkiako plantak martxan duen laguntza ekinbidea. Baina, artean ere, bertako kideek ez dute euren ekinbidea eten, laguntza “heldu behar den lekura” hel dadin, mira, batez ere, herri txikietan jarriz.