Gizabidea Fundazioak dagoeneko egina du datozen urteetarako MGEPekin eta Arizmendi Ikastolarekin hitzarturiko ekarpenen lehen ordainketa. Hain zuzen ere, orotara, 600.000 euroko ekarpena jaso dute bien artean -bakoitzak 300.000 euro-, abenduaren 16an eginiko batzordean harturiko erabakiaren ondotik. Gauzak horrela, Debagoieneko hezkuntza komunitatea indartzeko helburuari heldurik darraite Gizabidea Fundazioak eta Fagor Taldeak. “Hezkuntza komunitatearekiko, eta, oro har, gizartearekiko, konpromisos darraite Gizabidea Fundazioak eta Fagor Taldeak. Eginiko ekarpen berriek bultzada bat dakarkiete MGEParen eta Arizmendi Ikastolaren proiektuei. Garrantzitsua da Debagoieneko hezkuntza eragileak indartzen jarraitzea”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko eta Gizabidea Fundazioko lehendakariak. Datorren hamarkadako perspektiban, orotara, 3,5 milioi euroko ekarpena du hitzartu Gizabidea Fundazioak MGEParekin eta Arizmendi Ikastolarekin.
Berrikuntza eta ekintzailetza zentroa
Arrasateko Uribarri auzoan (Gipuzkoa) egongo den 6.000 metro karratuko Hirekin eraikinak ekintzailetza industrial zein teknologikoa, digitalizazioa eta iraunkortasuna ditu oinarrian, eta lagungarri izan gura du etorkizuneko erronkei behar moduko erantzuna emateko zereginean. Gainera, gizarteari zabaldurik egongo den espazio izango da, eta, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatuko dituzten zenbait enpresa eta eragileekin elkarlanean, industriaren eraldaketa iraunkorra eta bidezkoagoa bultzatu nahian jardungo du, besteren artean, egungo industria isurtzeak gutxitzeko irtenbide berriak bilatuz eta ingurumenaren alorreko helburuekin bat datozen jarduera ekonomikoak sustatuz.
“Komunitatea ahalduntzeko bitarteko da hezkuntza. Hala ulertu zuen Jose Maria Arizmendiarrietak duela laurogei urte, bailarako gazte guztiei ikasketarako aukera zabaltzeko konbikzioz. Orduan hasi zen bidea, eta Hirekinek urrats berria dakarkio bide horri”, azaldu du Gizabidea Fundazioko eta Fagor Taldeko lehendakariak. Aurreikuspenen arabera, 2024aren erdialderako legoke bukatua berrikuntza eta ekintzailetza zentro berria. Hor, Gizabidea Fundazioaren bidezko 2 milioi euroko ekarpena du hitzartua Fagor Taldeak datozen urteetarako -guztira, 8 milioi eurokoa da inbertsio aurreikuspena-.
Hezkuntza programa eta birgaitze energetikoa
Besteren artean, eraldaketa prozesu sakon batean dago murgildurik Arizmendi Ikastola, hezkuntza proiektua berritzen, hainbaten artean, egungo gizarteko konplexutasunei erantzun egokiak emango dizkieten eta gizarte erronkekin konprometiturik jardungo duten pertsona euskaldun eta kooperatiboak hezi guran. Torrebaso 2030 proiektua sortu dute horretarako. Etorkizuneko eskolaz hausnartu eta hura eraikitzera bideratutako berrikuntza espazio gisa irudikatzen da, eta gizarte erronka berriei (trantsizio energetikoa, mugikortasun iraunkorra, tokiko elikadura…) lotutakoak lantzeko bitartekoak izango lituzke.
Horrez gain, Gizabidea Fundazioarekin sinaturiko hitzarmenaren bidez, Almen gunearen birgaitze energetikoan sakontzeko konpromisoa du haren egina Arizmendik. “Gizabidea Fundazioak eta Fagor Taldeak serioski dituzte heldurik energiaren alorreko erronkak. Energia efizientziarako bideak, berriztagarrirako aukerak… aztertzen dabiltza, balizko ekintzak abiarazi guran. Bakoitza berean geratu barik, beharrezkoa da inguruko eragileei baliabideak eskaintzea bide horretan urratsak egin ditzaten”, azaldu du Alustizak. Hain zuzen ere, Gizabidea Fundazioaren bidez, datozen urteetan 1,5 milioi euroko ekarpena egingo luke Fagor Taldeak Torrebaso 2030 hezkuntza proiektuan eta birgaitze energetikoan sakontzen segitzeko.