Fagor Taldeko Copreci kooperatibak akordioa sinatu du Egiptoko Fresh Electric, EBDA eta El Araby enpresekin. Haren bidez, 7,6 milioi dolarreko inbertsioa du adostua herrialdean zabalduko lukeen lehen lantegirako -4.000 metro karratuko planta litzateke-, eta, horri esker, 15 milioi segurtasun-balbula ekoitziko lituzke gasezko sukaldeetarako. Hain zuzen ere, 2023ko apirilean hasiko luke ekoizpena.
Gauzak horrela, Coprecik urrats berria egin du nazioartekotzean. Eta arduradunek “estrategikotzat” dute akordio berria: “Aurreikuspenen arabera, epe laburrera, hazkundea ekarriko liguke Egiptoko plantak; eta, epe luzera, aukera berriak. Finean, herrialdea urratsak egiten dabil industria modernizazioaren bidean, eta, garapen horretan, lehentasunezkotzat du linea zuriko sektorea”. Gaur-gaurkoz, 105 milioi biztanle ditu Egiptok, eta, oro har, 3 milioikoa da haren urteko hazkundea.
Coprecik urte asko daramatza Egiptoko gas-sukaldeen alorrean lanean, soluzioetarako erreferente izaten. Orain, tokiko bazkideen eskutik, beste urrats bat egin du herrialdeko etxetresna elektrikoen sektoreko enpresek dituzten erronka teknikoetan eta hazkunde-erronketan bidelagun izateko.