Bigarren fasean sartu berri da Leintz Bailarako Ekiola. Hartara, proiektuko bazkide izan eta etxean edo komertzioan energia berriztagarria jaso gura luketen herritarrek urriaren 17tik aurrera lukete izen-ematerako edo informazioa jasotzeko aukera, Arrasateko BAZen –astebete goizez eta astebete arratsaldez, txandaka–, Aretxabaletako Murrukixoko lokalean –asteazkenetan– eta Eskoriatzako udaletxean –astelehenetan–. Arrasaten (Gipuzkoa) eginiko prentsaurrekoan eman dira fase berriari buruzko xehetasunak. Hitzorduan izan da Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna.
Ekiola babestu izanaren arrazoiez mintzo, besteren artean, Fagor Taldeak martxan jarria duen Fagor 2030 iraunkortasun estrategia aipatu du Otxandianok. Eta, horretan geratu barik, Debagoienean zero kilometroko energia izatearen garrantzia aipatu du: “Gure energia kontsumoa murriztu eta sorkuntza berriztagarrian jauzi bat egiteko aukera daukagu, gaur-gaurkoz, erregai fosilekiko daukagun menpekotasuna murrizteko”. Era berean, instituzioen, herritarren eta enpresen arteko elkarlanean jarri du azpimarra. Zehatz esanda, Fagor Taldea, Arrasateko Udala, Aretxabaletako Udala, Eskoriatzako Udala eta Leintz Gatzagako Udala dira Leintz Bailarako Ekiolaren bultzatzaile nagusiak.
Behinik behin, azaroa eta abendua bitartean hasiko lirateke Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean egingo den eguzki-parkearen lanak. 2.300 plaka fotovoltaiko izango ditu, 10.000 metro karratuko azalera duen lursailean banatuta. Azpiegitura horri esker, 1,25 MWp-ko potentzia luke proiektuak, eta 1,35 GWH energia sortuko luke urtean –600 familia ingururen kontsumoaren %100 asetzea lekarke horrek–. Aurreikuspenen arabera, martxoa edo apirila bitartean abiaraziko litzateke egitasmoa.
Orotara, 1,7 milioi euroko inbertsioa eskatzen du eguzki-parkeak. Eta dagoeneko ia milioi bat euro ditu jasota Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak. Batetik, 335.400 euroko ekarpena du egina Fagor Taldeak; eta, bestetik, berriki, 644.000 euro jaso dira Europako Next Generation funtsetik.
400 familia, aurrez izena emanda
Gaur-gaurkoz, 400 familia inguru daude aurrez izena emanda Leintz Bailarako Ekiolan. Eta dagoeneko iragarria dute horiek argiagatik ordaindu behar luketen kopurua: 45 €/MWh. Oro har, 2.200 kWh da familia horien bataz besteko kontsumoa, eta, hori oinarri harturik, 1.239 eurokoa litzateke –Ogasunaren desgrabazioa jaso aurretik, 1.458 euro– familia-unitate horren hasierako inbertsioa –hiru pertsonako familia-unitateen kasua litzateke–. Aurreikuspenen arabera, ekarpen hori hiru urte eta erdian legoke amortizaturik.