Fagor Arrasatek kontratazio-erritmo bikainarekin ekin dio 2022. urteari jarduten duen sektore guztietan, eta 26 proiektu berri esleitzea lortu du urteko lehen lauhilekoan, 102 milioi euroko balioarekin. Ziurgabetasun egoeran, 2021eko bigarren seihilekoan eta 2022ko lehen lauhilekoan, merkatuko posizionamendua hobetu zuen kooperatibak, pandemia aurreko mailara gerturatuz. Besteren artean, automobilgintzaren inbertsio-ekimenen berpiztea -sektorearen elektrifikazioak eragina izan du horretan- eta etxetresna elektrikoen sektoreak izandako bultzada izan dira horren eragile.
Dena den, aurrera begira ere, ziurgabetasuna aurreikusten du Unai Lopez Moñux Fagor Arrasateko zuzendari nagusiak: “2022. urtea, 2021a baino aurreikuspen hobeekin hasi zen, baina ziurgabetasunekin, susperraldi globalerako arriskuak areagotu egin zirelako, eta, egia esan, jada aurreikusten da espero baino ahulagoa izatea susperraldi hori eta herrialdeen arteko dibergentziak handiak izatea”. Hala, murrizketen inpaktuak ekonomia batzuetan eragindako kalteei, inflazio handi baten inpaktu aurreikusgarria gehitu behar zaie. Finean, horiek arriskuan jartzen dute zenbait ekonomiaren berreskuratzea, batez ere, egoera puntuala izan ordez, denboran luzatzen bada. Esan barik doa horiek eragina dutela lehengaien eta energiaren kostuan eta soldaten bidezko atzeraelikaduran.
Dena den, etorkizunari baikor begiratzen dio zuzendari nagusiak. “2021ean hasitako ibilbidea sendotzea espero da Fagor Arrasaten. Horrela, 2022ko ekitaldirako, eskaera berrien bolumena % 20 inguru handitzea aurreikusten da, 190 milioi eurotik gorako zifra lortzeko”, argitu du.
Jarduera berreskuratzea
2020an, pandemiak eragin handia izan zuen Fagor Arrasatek jarduten duen sektoreetako inbertsio-jardueran, eta esleipen-prozesuak moteldu zituen, batez ere, automobilaren sektorean. Horren ondoren, kooperatibak ilusioz beteriko ekitaldia itxi zuen 2021ean, 160 milioi euroko kaptazioekin -2020koa baino % 70 handiagoa eta ekitaldirako aurreikuspena baino % 8,5 handiagoa-, pandemia aurreko mailetara gerturatuz.
2021ean, NAFTA eremu geografikotik heldu zen kaptazioen heren bat. Eta, bestetik, bezero garrantzitsuak lortu zituen Turkian, lurraldean kooperatibaren presentzia sendotuz. Gaur-gaurkoz, automobilgintzaren sektoreko fabrikatzaileen eta hornitzaileen ekoizpen-jarduera garrantzitsua dago herrialde hartan.
Oro har, berpiztu egin dira automobilaren sektoreko inbertsio-ekimenak haren elektrifikazioak eraginda. Eta Fagor Arrasate irtenbide berritzaileak dabil eskaintzen sektoreari. Hainbaten artean, nabarmendu behar da konpositeak prozesatzeko eta konformatzeko instalazioak Fagor Arrasateren kaptazio berrien % 10 inguru direla dagoeneko.
Bestetik, handia da etxetresna elektrikoen sektorearen maila globaleko eskaria. Hor ere presente da Fagor Arrasate, eta egindakoaren balorazio positiboa egiten du: “Negozio-unitateak etekin bikaina izan du, 2020ko ekitaldiarekiko kaptazioak berreskuratuz eta 2021eko Gestio Planaren aurreikuspenak eta pandemiaren aurreko urteetako kaptazioak hobetuz”.