Jose Perez Berdud Fagor Automationeko zuzendari nagusia aukeratu dute AFM Advanced Manufacturing Technologies makina-erreminta, osagarri, osagai eta erreminta fabrikatzaileen elkarteko lehendakari bi urterako. Maiatzaren 13an eginiko urteko batzarrean hartu zuten erabakia. Bada, Fagor Automationeko zuzendari nagusiak esperientzia handia du alorrean, besteren artean, kontseilari izan baita 2016az geroztik. Gainera, CECIMO Europako fabrikatzaileen elkartearen ordezkari da, eta, AFM Clusterreko kide, 1962. urtetik. Perez Berdudek Fagor Automation kooperatiban du egina lan ibilbide osoa
Urteko Batzar Orokorra bukatuta, Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Eguna 2022 ospatu zuten bertaratutakoek. AFM Clusterreko zuzendari nagusi Xabier Ortuetak ekonomia alorreko aurkezpena eskaini ostean, Tirso Maldonado eta Isabel Moreno hizlari gonbidatuek hartu zuten hitza. Ostera, elkarteak aipamen berezia egin gura izan zien sektorean errespetatuak diren bi pertsonei, AFMren urrezko domina emanez. Grip-on enpresako Jose Antonio Iriondo eta Nicolas Correa Taldeko Jose Ignacio Nicolas Correa izan ziren horiek. Horretan geratu barik, erakundearen eratze-aktaren faksimilea jaso zuen Jose Ignacio Nicolas Correak, haren aita Baldomero Nicolas Correak 1946an sinatua. Enpresa eta politika alorreko ordezkari ugari izan ziren ekitaldian.
Ibilbide luzea sektorean
Ingeniari tekniko elektronikoa da Jose Perez Berdud zumarragarra. Mondragon Unibertsitatearen MBA Masterra du, eta, esan moduan, Fagor Automation kooperatiban du egina lan ibilbide osoa, hain zuzen ere, 1993an, Ikerketa eta Garapen Sailean teknikari gisa hasi zenetik. Ordutik, fabrikazioarekin, logistikarekin eta erosketekin lotutako lanpostuetan jardun du. Ostera, 2005 eta 2016 bitartean, zuzendaritza industrialean aritu zen, eta, gerora, kooperatibako zuzendari nagusiaren kargua hartu zuen haren gain.
Fagor Automation ez da edozelako kooperatiba. 700 langile inguru ditu makineria automatizatzeko eta kontrolatzeko produktuak garatzen eta fabrikatzen ditu enpresa debagoiendarrak. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea eginda, gaur-gaurkoz, 14 filial eta hogeita hamar bulego propio baino gehiago ditu mundu osoan. Gainera, Fagor Aotek izeneko zentro teknologiko propioa du, eta I+G+b arlora bideratzen du salmenten % 10 baino gehiago. Oro har, 90 ikerlari baino gehiago ditu (doktoreak dira horietatik 12), eta 36 patente aktibo.