Skip to main content

Bizipoza elkarteak abiaraziriko Mundu berri bat guztiontzat egitasmoaren bigarren edizioa babestu du Fagor Taldeak, 25.000 euroko ekarpen ekonomikoa eginda. Hain zuzen ere, larunbatean, urtarrilaren 29an, aurkeztu zen aurtengo ekinbidea, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultura etxean. Besteren artean, Euskal Herriko kultur sortzaileek, alorreko langileek, Bizipoza osatzen duten elkarteetako kideek eta babesleek esku hartu zuten ekitaldian. Aurten ere, hamabi elkarteren errealitatea ezagutaraztea izan dute xede Bizipoza elkarteko kideek, eta, horretarako, hamaikana kantu eta bideoklip barnebiltzen dituen sorta plazaratu dute.

Hainbaten artean, gisako proiektuei ahal den neurriko laguntza eskaintzearen garrantzia azpimarratu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Fagor Taldeak haren ekarpena egin gura dio komunitateari, gizarte erronka ezberdinei heldu eta horietan behar moduan jarduteko bitartekoak jarriz. Bizipoza elkarteak ere badu erronka bat, gizarte erronka bat, askotariko kolektiboen inklusioan oinarritzen dena. Gogor dabil lanean, euskaratik eta euskaraz, gainera. Garrantzitsua da gisako proiektuak laguntzea”.

Aurkezpen ekitaldian, askotariko protagonistak

Joxe Mari Agirretxe eta Amaia Elizondo Bizipoza elkarteko talde eragileko kideena izan zen Mundu berri bat guztiontzat egitasmoaren bigarren edizioa aurkeztearen ardura. Motxila 21 musika talde nafarraren Gurpilak Sutan abestiak eman zion hasiera hitzorduari -ekitaldian zehar abesti gehiago eskaini zituzten-. Eta ostean hasi zen bideoklipen aurkezpena: sorta berriko bideoklip guztiak eskaini zituzten, haietako bakoitzari buruzkoak laburki azalduta. Tartean, bideoklipetik bideoklipera, egitasmoan era batera edo bestera esku hartu dutenen hitzartzeak ere izan ziren: kultura sortzaileak, bideoklipen ordezkaritza teknikoa, elkarteak, babesleak -horien artean da Fagor Taldea-, Bizipoza elkarteko ordezkariak, Hernaniko Udaleko ordezkaritza eta Xabier Zabala konpositorea.

Bideoklipak, datozen asteetan ikusgai

Iaz bezala, Bizipoza elkartea apurka-apurka joango da egitasmoaren baitako bideoklipak argitaratzen, www.bizipoza.eus webgunean eta sare sozialetan –bilduma erosteko aukera ere badu eskainia-. Dagoeneko iragarri dituzte argitalpen egunak:

  • Otsailak 1: Hogeitabira (EHko Down Sindrome Fundazioa).
  • Otsailak 4: Txokotxoa (Beroa Elkartea).
  • Otsailak 8: Guztiontzat ( Bortzirietako Guztiok Taldea Elkartea).
  • Otsailak 11: Beste pauso bat (Ademgi Elkartea).
  • Otsailak 15: Parke bat (Super H Elkartea).
  • Otsailak 18: Mundu bat non (Etiopia Utopia Fundazioa Tikal).
  • Otsailak 22: Gaur gu gara eguna (Sanfilippo Elkartea).
  • Otsailak 25: Izan gure lagun (Gure Nahia eta Gure Señeak Elkarteak).
  • Martxoak 1: Nahi ibili gurekin? (Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Mindara Elkartea).
  • Martxoak 4: Misha Txikia (Chernobilen Lagunak Elkartea).

Bada, Bizipoza elkarteak dagoeneko argitaratua du lehen bideoklipa, Bizipoza auzolan deiturikoa. Hemen dago ikusgai:

Idatzi iruzkina