Fagor Taldeak bat egin du EITB Maratoiaren aurtengo edizioarekin. Hain zuzen ere, 15.000 euroko ekarpena egin du alzheimerra ikertzera bideraturiko ekinbideetarako -horixe bera da EITB Maratoiaren 22. edizioak heldua duen gaia-. “Herritar ugarik pairatzen duten degenerazio-dementzia mota da alzheimerrarena, eta, oraindik orain, ez dago behar moduko bitartekorik hura garaiz diagnostikatzeko edo haren eraginak leuntzeko. Gizarte erronka bat da alzheimerrari aurre egitearena, eta, Fagor Taldeak, haren aletxoa jarri gura izan du heldutako erronka horretan laguntzeko”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
EITB Maratoiak gaurkoa du (abenduak 16) herritarren ekarpen ekonomikoak jasotzeko egun nagusi. Ohi moduan, dei-gune bat dago zabaldurik EITBren Bilboko egoitzan, eta bertan da Fagor Taldeko ordezkaritza, herritarren deiak jasotzen. Bertan bizitakoaz mintzo, hauxe dio Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Ahal dugun neurriko laguntza eskaintzen gabiltza. Aberasgarria da herritarren ekarpenak eta mezuak jasotzea, haiekin berba egitea, haien bizipenak ezagutzea… Elkartasun mezu ugari jasotzen dira. Eta, garrantzitsuena: etenik barik egiten du gora alzheimerra ikertzera bideratuko den laguntza poltsak”. Ekarpen ekonomikoa jasotzeko ez ezik, ekinbidea baliagarri da gaitzari buruzkoak hedatzeko eta gizartearen kontzientzian eragina izateko.
Degenerazio-dementzia mota nagusia
Alzheimerra nagusi da degenerazio-dementzia moten artean, eta, tartean, memoriaren galera, gaitasun kognitiboen narriadura eta portaeraren aldaketak eragiten ditu. Batez ere, 65 urtetik gorakoak dira hura pairatzen dutenak, dementziaren kausa nagusia izaki. Bada, azken ikerketen arabera, adin-tarte horretako % 10 inguruk du dementziaren bat -EAEan, 48.000 pertsona lirateke-, eta, horietatik guztietatik, % 70 dira Alzheimer gaitza dutenak.
Alzheimerrari loturiko ikerketak
Gaur egun, Alzheimer gaitzaren bueltako 400 entsegu kliniko baino gehiago daude martxan mundu mailan, alor eta ikuspegi ezberdinetan oinarriturikoak. Eta hogei proiektu ingurutan esku hartzen du euskal osasun sistemak. Hain zuzen ere, gaur-gaurkoz, 550.000 eurotik gorakoa da kanpo finantzazioa -nagusiki, Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuen bidez jarduten duten puntako taldeek erabiltzen dute diru-kopuru hori-.
Bide horretan, ondorengoak dira gaur-gaurkoz martxan dauden ikerketa lerro nagusiak: biomarkatzaileen identifikazioaren bidezko diagnostiko goiztiarraren hobekuntza; tratamendu eta itu terapeutiko berrien azterketa; hobekuntza eta identifikazioa; eta gaixotasunari laguntza-ikuspegitik ekiteari eta prebentzioa zein osasun kognitiboa hobetzeko esku-hartze berriei buruzko azterketen prestaketa.