Automobilaren elektrifikazioa erritmo handian ari da aurrera egiten. Hein handi batean, mundu mailan klima aldaketari kontra egiteko dagoen konpromisoak bultzaturiko prozesua da, eta, horrek, gizarte eta industria osoaren ahalegina eskatzen du, neutraltasun ereduetarantz eta deskarbonizazio estrategiarantz egiteko. Balio kateko kide guztiei eragingo die, gainera.
Ibilgailu elektrikoa, beraz, Fagor Ederlanen negozioaren erronka eta helburu izateaz gain, haren sektorea eraldatzen ari den errealitatea da. Aurreikuspenen arabera, batez ere elektrikoa izango da 2030. urtean. Bada, industriak iraunkortasunarekin eta ibilgailu elektrikoaren etorrerarekin duen konpromisoak aldaketak eragingo ditu pertsonen bizitzetan, hirietan, eta, oro har, mugikortasunean.
Elektrikoez mintzo, esangura berezia hartzen du powertrainak. Dena den, esan beharrekoa da ibilgailuko beste sistema batzuek ere eskakizun berriak izango dituztela etorkizunean.
Ibilgailu elektrikoko balazta sistemak
Ibilgailu elektriko batean, galga birsortzailetik dator balaztatzearen %80; beraz, txikiagoa izango da ohiko balazta mekanikoaren erabilera. Gainera, CO2 emisioen murrizketan duen inpaktuagatik, errekuntza ibilgailuaren arintzea funtsezkoa bada, elektrizitatean arintze hori gertatzea are garrantzitsuagoa da, batez ere, bateriaren eraginkortasun energetikoa handitzeko premiengatik.
Balazta mekanikoa gutxiago erabiltzen denez, handitu egiten da balazta diskoen eta danborren korrosio arazo potentziala, eta narriadura funtzional eta estetikoa eragiten ditu. Horregatik, korrosioarekiko erresistentzia handia duten soluzio espezifikoak behar dira. Bada, horrek eta balaztatzeko beharra murrizteak, beste balazta sistema batzuk aztertu beharra dakarte -horien artean dira danbor-balaztak-.
Sistema hori atzealdeko ardatzean egon ohi da, eta ingurune elektriko berrian ere aplikatzen da. Dena den, baliteke disko balaztak atzeko ardatzean jartzea beharrezkoa ez izatea zenbait aplikaziotan. Gainera, oxidazio arriskua eta partikulen emisioak areagotuko lituzke horrek. Hala ere, balaztada-danborrekin desagertu egiten da arazo hori, erabat zigilaturik baitaude.
Aluminiozko danborrak, autoaren etorkizuneko osagaiak asmatzen
Galda funtzioan aditu denez, berrikuntza eta garapen programa bat du Fagor Ederlanek, ibilgailu elektrikoentzako soluzio espezifikoak eskaintzera bideraturikoa. Horietan, iraunkortasuna, arintzea eta prestazioen hobekuntza dira proposamen teknologiko aurreratuak garatzeko motor nagusi. Proposamen horiek, balazta disko eta danborretarako soluzio ugaritan gauzatzen dira. Hor daude disko bimetalak, estaldura iraunkorren garapen lerroa edo EDERALSI aluminiozko disko eta danborrak.
Aluminio diskoen proposamenei, duela gutxi landuriko EDERALSI aluminiozko danborren garapena gehitu behar zaie. Pisu txikiko soluzio ezin hobea da atzeko ardatzarentzat eta korrosioa saihesten laguntzen dute. Gainera, prozesu iraunkorragoak barnebiltzen ditu, eraginkortasunak, birziklatzeko gaitasunak eta hondakinen gutxitzeak eraginda.