Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2021eko Abbadia saria jasoko du Fagor Taldeak, euskararen normalizazioaren alde egindako langatik. “Azken hamarkadetan alor sozioekonomikoan egin duen lana aitortu gura diogu Fagor Taldeari. 1970eko hamarkadan sortu zituen lehen euskara batzordeak. Eta horiek sendotuz joan dira urteekin. Orain, ehunka langile ari dira batzorde horietan, eta, milaka dira, ekimenak hartzen dituenak. Euskararen sustapenaren adibide aurreratua da, zabaldu beharreko eredua”, aitortu du Eider Mendoza Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak. Ohi moduan, Euskararen Egunaren atarian egingo da sari banaketa ekitaldia, Gipuzkoako Foru Jauregian -aurten, abenduaren 1erako dago finkaturik hitzordua-.
Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak gogora ekarri duenez, enpresa-kudeaketaren ardatzean du Fagorrek euskararen sustapena, eta, horrek, badu esangurarik egiten diren urratsetan. “Talde osoan aritu dira ikuspegi sistemikoarekin, hizkuntza ohituretan eragiten duten aldagai guztiak identifikatzeko eta horietan eragiteko. Gainera, enpresa erantzukizunean oinarritu dute euskara sustatzeko diskurtsoa”, azaldu du. Eta, hori oinarri, haragoko adierazpenak egin gura izan ditu: “Fagor Taldearen ibilbideak eta gaur egun bizi duen errealitateak argi uzten dute erreferentzia bat dela euskararen arloan, egin duenagatik, egiten ari denagatik eta aurrera begira adierazten duen konpromisoagatik”. Esan barik doa Fagor Taldeak estrategikotzat duela euskararen normalizazioa.
Euren aldetik, jasotako aitortzarekin “pozik” azaldu dira Fagor Taldeko kideak. “Oso pozik gaude. Euskararen normalizazioaren aldeko bidea luzea da, bai. Baina noizbehinka badakar fruiturik. Horren adibide da Abbadia sariaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak geure ibilbideari eginiko aitortza. Halakoek bultzada berri bat dakarkiete egitasmoei, etorkizuneko erronkei aurre egiteko indarra eta babesa eskaintzearekin batera”, azaldu du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak.
22 urteko ibilbidea
Fagor Taldeak duela 22 urte jarri zituen martxan euskara planak haren kooperatibetan. Finean, gizarte beharrei erantzun egokiak eman guran sortu zen Fagor, eta, horren haritik, kooperatiba taldean martxan jarririko euskararen aldeko hasierako ekimenek hizkuntzaren biziberritzearen alde gertuko gizartean pizturiko mugimendua izan zuten abiapuntu. Gau eskoletatik hasita, Batzar Nagusietan aldarriak egin zituzten bazkideek, lan esparruan euskarari presentzia emateko. Ostera, 1997an, euskara planak ezartzeko hitzarmena sinatu zen Emunekin. Eta urrats berriak egin dira ordutik.
Euskara planaren eguneratzea
Dagoeneko aurrera begira jarria da Fagor Taldea. Hain zuzen ere, alor horretako lan ildoen eguneratzearekin dihardu, 2021-2024 epealdirako estrategiak eta helburuak zehazten -2021. urte bukaerarako onartuak lituzke-. Eta, horretarako, bete-beteko hausnarketa prozesuan da murgildurik.
Urteen joan-etorriarekin, haren euskara plana unean uneko egoerara egokitu beharra izan du kooperatiba taldeak, momentuko beharrei erantzun egokia emateko neurriak eta ekimenak adostuz edota eraikiz. Eta zeregin horretan, besteren artean, hizkuntzen kudeaketarekin dabil orain. “Egunerokotasunean, hamaika hizkuntza ezberdin erabiltzen dira geure kooperatibetan, eta, errealitate horretan, euskarari funtzio komunikatibo propioak esleitzen ari gara”, argitu du Gestio Sozialeko arduradunak.