Fagor Taldeak bat egin du irailaren 16an hasi den Mugikortasun Astearekin. Aukera aprobetxatuz, bultzada berri bat eman gura dio iaz sorturiko Fagormugi ekimenari, eta, besteren artean, hartan hasi berri den enpresa, erakunde eta entitateen arteko lehiaketa baliatu gura du horretarako -irailaren 16an hasita, urriaren 16ra arteko iraupena du lehiaketak-. “Fagor Taldean aspaldi hasi ginen mugikortasun iraunkorraren gaia lantzen. Urteen joan-etorriarekin, askotarikoak izan dira martxan jarririko ekimenak. Horretan geratu barik, aurrera begirako plangintzak lantzen segitzen dugu. Esaterako, datorren urtean Mugikortasun Planak egingo dira Taldeko kooperatibetan”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Bada, Fagormugi da Fagor Taldeak gaur artean mugikortasun iraunkorraren alorrean martxan jarria duen azken egitasmoa. Hain zuzen ere, aipaturikoak, duela urtebete hasi zuen bidea, mugikorrerako aplikazioaren sorrerarekin. Oro har, langileen artean mugikortasun iraunkorra sustatzea du hark xede nagusi -besteren artean, lanerako bidea oinez, bizikletaz, patinetez, garraio publikoan edo auto partekatuan egin dadin bitarteko izan gura du-. Ostera, langileak eginiko kilometroak gordetzen ditu aplikazioak eta sariak jasotzeko aukera dago horren truke. Eskualdetarako dendetarako erosketa bonuak edo garraio publikoan erabilgarri den Mugi txarteleko errekarguak daude sarien artean.
Oro har, ekimenak orain arte egina duen bidearekin “pozik” azaldu da Iraunkortasun arduraduna: “Bide oparoa du egina. Kilometro iraunkor ugari ditugu pilaturik eta bizikletaz eginikoak dira horien erdiak baino gehiago. Esangura handiko datua da hori. Asko dio bailarako mugikortasun ohiturez eta bizikleta sareaz, esaterako”. Zehatz esanda, urtebetean 166.000 kilometro iraunkor baino gehiago dituzte pilaturik Fagor Taldeko kooperatibetako langileek -35.765 kg CO2ren isurketa saihestea ekarri du horrek-. Gaur-gaurkoz, 400 pertsona inguru dira Fagormugi aplikazioarekin bat egina dutenak. Eta, esan moduan, sarirako aukera ere badakar aplikazioaren erabilerak. Bada, urtebetean 1.300 euro bideratu dira tokiko komertzioetara, eta, 600 euro, Mugi txarteleko errekarguetara.
Bestetik, Fagormugi aplikazioa tarteko Fagor Taldearekin elkarlanean dabilen Ciclogreenek ekimen berezia jarri du martxan, irailaren 16tik urriaren 16ra bitartean, Mugikortasun Astearen harira: erabiltzaile diren enpresen, entitateen eta elkarteen arteko lehiaketa. Kilometro iraunkor gehien pilatzen duena izango da irabazlea. “Hartan parte hartzeko deia egin gura nieke Fagor Taldeko kooperatibetako kideei. Fagormugiren erabiltzaile besterik ez dute bilakatu behar horretarako. Oraindik kilometro iraunkor ugari ditugu pilatzeke, eta, urrats berri ugari, egiteke”, gaineratu du Iraunkortasun arduradunak.