Hizkuntza berdintasuna erdigunean jarririk, Gipuzkoa Berdinago ekimeneko kide da Fagor Taldea eta bat egina du hark bultzaturiko adierazpen bateratuarekin, Gipuzkoan erreferentzia diren beste zenbait erakunde, enpresa eta eragileekin batera. Zehatz esanda, adierazpenaren sortzaileak hizkuntza jokabide aktibo batekin ari dira euskararen aldeko lanean, hari lehentasuna emango liokeen jokamolde orekatzaile bat lortu guran, bizikidetza bera ere orekatuago bilaka dadin. “Fagor Taldean erdigunean dugu jarria euskararen normalizazioa. Bide horretan sorturiko ekinbideekin bat egitea dagokigu, indarrak batzeak duen garrantziaz jakitun. Geure Euskara Planetan egiten diren urratsez gain, garrantzitsua da erronka bateratuei heltzea”, azaldu du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak.
Oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoan (2020-2023) zehazturiko laugarren helburuari loturikoa da adierazpenaren ekinbidea. Hain zuzen ere, honako hau da hartan adierazitakoa: “Euskara lehendabiziko aukera gisa erabil dadin sustatzea, dela GFAn, dela lurraldeko gainerako eragileen artean, aukera linguistikoak partekatzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko”. Finean, adierazpenarekin bat egina dutenak jakitun dira, hizkuntza batek gizartean duen tokiari begira, esangura handikoa dela komunikazio publikoaren esparrua, eta, hor, une honetan ahulen den hizkuntzaren -euskara- presentzia lehenesteak duen garrantzia.
Bada, hizkuntza berdintasuna jomugatzat harturik eta hizkuntza jokabideak bideratu nahirik, hainbat urratsetan laburbil daiteke erakunde, enpresa eta eragile multzoak euren eginiko neurriak. Horien artean dira hizkuntza irizpideak finkatzea eta barneratzea, trebakuntzarako bitartekoak jartzean, euskararen erabilerararendako muga diren alorrak -hiztegi teknikoetan euskarazko hitzen presentzia urria, euskara jendaurrean erabiltzean deseroso sentitzen direnak…- lantzea, hedabideei ekinbidearen berri ematea, hizkuntzen arteko oreka indartzea -oro har, euskara lehenetsiko litzateke horretarako-, jendaurreko ekitaldietan euskararen presentzia egokia eta zuzena bermatzea…