Skip to main content

Tanta hotzak Valentziako Erkidegoan eragindako uholdeen kalteei aurre egiteko lanean dihardute milaka boluntario eta eragilek. Askotariko laguntza moduak zabaldu dira azken asteetan -ekarpen ekonomikoa egiteko eskaera egin da, kasurako-. Bide horretan, 10.000 euroko ekarpena egin dio Fagor Taldeak laguntza humanitarioa eskaintzen ari den Gurutze Gorriari -egunotan Valentziako Erkidegoan diharduen eragile nagusienetako bat da-. Horrez gain, kooperatiba taldeak barne kanpaina bat izan du martxan Debagoieneko Gurutze Gorriarekin elkarlanean, bazkideei ekarpen indibidualak egiteko dei eginez.

Modu horretan, Fagorrek haren aletxoa jarri gura izan du Valentziako Erkidegoan gertaturiko ezbeharraren aurrean. “Komunitate eta herrien arteko elkartasunak berebiziko garrantzia du halako ezbeharren aurrean. Larria da egoera, erantzun azkarrak eta kolektiboak eskatzen dituena. Boluntario ugari ari dira egunotan era bateko eta besteko laguntza eskaintzen. Ahalegin horretan, haren aletxoa jarri gura izan du Fagorrek, boluntario horiek lanean segitzeko bitartekoak izaten jarraitu dezaten”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Kalte ugari

Copernicus sateliteak zabaldutako datuen arabera, 530 kilometro karratu inguru hartu zituen tanta hotzaren urak, Valentziako Erkidegoaren %5 inguru. Horren ondorioz, 75 eskualdetako 190.000 lagun dira kaltetuak. Gaurko-gaurkoz, azaroaren 11n, 214 dira Valentziako Erkidegoan hil direnak, eta 32 lagun daude desagertuta. Uholdeak urriaren 29an izan baziren ere, oraindik kaleak garbitzeko, gorpuak topatzeko, oinarrizko zerbitzuak berreskuratzeko… lanean ari dira milaka boluntario.